Ostadar sugea
Izan zen garai bat sekulao bero zakarra egin zuena. Bero itogarria.Aire erreak dar-dar egiten zuen lautada idortuan.Aintziraketa ibaiak agortzeko zorian zeuden. Gizakiak eta animaliak aterpe bila ibiltzen ziren hostotza idortuaren itzalpen urrian. Beste inon baino bero handiagoa egiten zuen herrixka bateko biztanleek deiadarrez zioten:
Ai gureak egin du!
- Artaldeak auskalo nora joan zaizkigun ur bila.
- Hor joan dira arrainak ere, gure erreketako azken tantekin batera.
-Ezta arrosek ere ez digute beren haziak jaten utziko: ireki baino lehen zimelduak dira.
Kexa horiek guztiek ondoko sasitza batean zegoen ezkata disdiratsuko suge txiki baten bihotza hinkitu zuten. Sugea atera zen bere gordelekutik eta, gizaahotsa hartuta, honela hitz egin zien:
-Nik ahalmen miragarriak ditut eta, nahi baduzue, lagnduko dizuet. Horretarako, hartu eta airera jaurti behar nazazue, zeruan gora.
- Baina lurrera erori eta zapla! Hil egingo zara – esan zion leinuko aztiak. Lurralde hartako aztirik ahaltsuenaren ospea zuen eta ez zen ezertaz fidatzen.
-Ez, ez naiz eroriko, ez hilko ere – erantzun zuen sugeak – Zeruari atxikiko natzaio nire ezkatez, eta hazka eginez euri eta elur pixka bat eroraraziko dut zuentzat. Han goian, belardiak izotz urdinekoak dira.
- Baina zu ez al zara txikiegia horretarako? –kexatu zen berriro leinuko aztia.
- Ez kezkatu horregatik. Zerumugaraino luza naiteke. Mugi, jaurti nazazue ahalik eta gorena.
Aztiak isildu, hatu sugea –kiribildua ordurako – eta airera jaurti zuen bere indar guztiekin, bere bistatik urrun bidali nahiko balu bezala.
Airean, sugeak bere gorputzaren kiribila desegin eta luzatzen eta luzatzen hasi zen. Bere buruak eta buztanak, zerumugaren mutur banatan, lurra ukitu zuten, eta bizkarrezurra zeru gangaren sabai biribildura egokitu zen. Orduan, bere ezkatekin, zeruko izotza marruskatzen hasi zen.
Marruskatu ahala gorputza kolorez aldatuz joan zitzaion: gorritik horira, berdera, urdinera, ubelera. Zeruko izotza urtzen hasi zen, eta euri tantak lurrera erortzen.
Eta gauza guztiak berpiztu egin ziren. Ura erreketan saltoka hasi zen ostera, iturbruak xurrumurrka, animaliak etxera itzultzen eta arrosak lehenago bezala irekitzen. Baina, eta indiarrak?
Indiarrek, pozaren pozez, zerurantz altxatu zituzten begiak, euri bizi- emaile hark blaitzen zituen bitartean, eta dantzan hasi ziren, sugearen ohoretan, jasa zerutarraren azpian. Harrezkero, eguzki egunetan euria egiten duen bakoitzean, sugeak kolorezko uztai baten giza mokokatzen du bere gorputz malgua zeru-gangaren sabai biribilduan zehar.